XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasleek atsegin handiz hartzen omen zituzten bere aitorpenak, bere Masturbazio metafisikoak zenbaitzuk ziotenez.

Apaizgaien artean ba omen da bat, bestalde, duela gutxi fimosiaren ebaketa egin duena, eta nik harriduraren harriduraz adierazten diot hau, gaztearen izena oraindik ezagutzen ez dudalarik.

Hala ere, luze gabe espero dut berori horretaz jakinaren gainean jartzea.

Gauzak horrela, saiakera antzu honen ondorioak lerrokatzera ausartuko nintzateke:

1. Asmorik onenez eta Eliza amarekiko maitasunik beroenaz hasitako ikerketa honetan huts egin dudala iruditzen zait.

Eta zergatiak asko izan badaitezke ere, nire ezjakintasuna nabarmenduko nuke nik, apalki, oroz gain.

2. Era honetako lan delikatuetarako detektibe bat kontratatzea litzateke onena, zeina hasteko Martin atezainarekin hitz egiten has zitekeen, gero Xur kaleko 342.etik pasatzeko.

Gainera, eta nire susmo baten berri jakin nahi balu, zera esan beharko nioke: Martinengana behin gizon estrainio bat agertu zela, Samuelen gainean zenbait galdera egitera, eta gizon hark (Martinek esandakoaren arabera) nik Xur kaleko hartan ikusitako serios haren igualtsua zela.

Horrexegatik pentsatzen dut hemen zerbait susmagarria badela, eta nirea baino argitasun handiagoa duen pertsona bat behar dela ikerketa hauek aurrera ateratzeko.

3. Samuelez ez naiz ezer gehiago esateko gai.